2011/01/31

TTT 8. Espainiako Txapelketan


Denboraldiari neguko triatloien Espainiako Txapelketarekin ekin zioten pasa zen larunbatean Mahala-Tolosaldeko Triatloi Taldeko kideek Reinosa-Alto Campoon (Kantabria). Eta bai ondo ekin ere! 8. sailkatu dira taldeka, eta euskal taldeak aintzat hartuz gero 3.ak izan ziren.
Edu Gonzalez, Iñaki Insausti, Yon Gonzalez ‘Gonzi’ eta Asier Saez aritu ziren ‘baxurdeen’ ordezkaritzan. Igor Aranburu eta Ion Marin ere aritzekoak ziren, taldeko espezialista onenak neguko triatloietan, baina eskuko bihurritu bat lehenak eta tripetakoak jota bigarrena, ezin izan zuten parte hartu; taldekideen laguntzaile lanetan aritu ziren biak.
Korrika Reinosa inguruan 10 kilometro –termometroa zerotik igo ezinik zela-, errepideko bizikletan 27 kilometro Fuente del Chivora (1.982 m) igoz azken kilometroetan %15-16ko portzentajeko malda gogorrekin, eta amaitzeko 5 kilometro eskietan elur faltagatik inprobisatutako zirkuitu itxi batean. Eneko Llanos gasteiztarrak irabazi zuen proba, lehendabiziko aldiz Espainiako neguko triatloien txapeldun bihurtuz.
‘Baxurdeek’ postu onak bildu zituzten, eta hartatik taldekako sailkapen ona. Ezin jakin, hori bai, Aranburu eta Marinek parte hartu izan balute zer gertatuko zen.

Denboraldi berriko erronkakOtsailaren 12an Ansoko neguko triatloiean parte hartuko dute hurrena ‘baxurdeek’, eta handik aurrera duatloi denboraldiari ekingo diote, euskal zirkuituko probetan arituko dira bereziki.
Hainbat erronken artean badute bat oso deigarria Mahala-Tolosaldeko Triatloi Taldeko hamar kidek: uztailean egingo den Austriako Iron Man-ean (3’8km-180km-42’195km) parte hartuko dute Edu Gonzalezek, Ion Marinek, Iñigo Esnaolak, Jon Artutxak, Alberto Vaquerok, Yon Gonzalez ‘Gontzi’-k, Alar Sevillanok, Asier Saezek, Aitor Regillagak eta Itsaso Leundak.
Iaz ere hamaika izen ziren bateko eta besteko distantzia luzeko triatloietan aritu ziren ‘baxurdeak’ baina mugarri berria ezarriko dute aurtengoarekin hamar taldekidek proba berean parte hartuta.
Ah, eta adi, Urkolaren omenezko Tolosako Duatloi Herrikoia maiatzaren 14an egingo da.

2011/01/27

Lehen geltokia: Reinosa


Iritsi da lehen zita garrantzitsua 2011. urtean. Agian urteko lehen proba estatuko txapelketa izatea ez da komenigarriena baino ilusioz gainezka joango gara taldeko 5 partaide: Iñaki, Edu, Marin, Saez eta Gonzi.

Probak aste honetan zeresan handia eman du elur falta dela eta. Reinosan 10km korri egin da gero, bizikleta hartzen da Alto Campooraino. Berez han, Brañaviejan (1600m) eskiatzen da, baino elurrik ez dagoenez El Chivon eskiatuko da (ia 1900). Horrek suposatzen du bizikletako partziala luzatu egiten dala eta kilometro zailak gehitu.



Eguraldi prebisioa ere latza. -5 eta -10 inguruko tenperatutak eta elurra goiz osoan zehar. Horri gainera gehitu behar diogu fondoko zirkuitoa alpinoko pistak dauden tokian kokatu dela, aldapa falta ez da izango beraz.



Hala ere seguru nago asteburu bikaina pasako degula! Ea hurrengoan taldekide gehiago gean horrelako espediziotan!